Europa osoan 320 hiri inguruk ezarri dituzte azken urteetan Isuri Gutxiko Eremuak, eta 2025eko urtarrilaren 1etik, Donostia hiri horietako bat da. Neurriaren helburua da eremu horietako airearen kalitatea bermatzea, poliki-poliki ibilgailu kutsakorrenak erdiguneetatik ateraz, hiri jasangarriagoak eta aire garbiagoa duten eremuak lortuz.
Donostian, esaterako, 1,2 km2-ko azalera hartzen du Isuri Gutxiko Eremuak (IGE), eta hiriaren erdigunean kokatzen da, alegia, ibilgailuen zirkulazio-kontzentrazio handiena duen hiri-eremuan. Joan-etorri gehien dituen eremua izateaz gain, trafikoak eragindako kutsatzaile atmosferikoen kontzentrazio handienak dituen eremua ere bada.
Donostiako IGEari buruzko informazio guztia Udalaren webgunean aurki daiteke.
IGE indarrean jarri zenez geroztik, Cristina Enea Fundazioak, Donostiako Udaleko Ingurumeneko sailarekin elkarlanean, kanpaina didaktiko bat abiatu du IGEaren onurak eta xehetasunak hezkuntza komunitatera helarazteko. Honela, lehenengo fasean saio ludikoak antolatu dira IGE inguruko ikastetxeetan, non bi pertsonaiaren bitartez eremu horietan hartutako neurriek herritarrei eragingo dizkieten onurak antzezten zituzten. Horrez gain, ikasleei etorkizuneko beren hiri eredu gustukoenaz ere galdetu zitzaien.
Orain, bigarren fase batean, IGEari buruzko informazioa interesa duten ikastetxe guztietara irekiko da, eta fundazioak diseinatutako unitate didaktikoak sarean eskegiko dira ikasgeletan lantzeko aukera eskainiz ikastetxeei.
Horrela, bi unitate didaktiko ezberdin diseinatu dira, bat LHko 1., 2. eta 3. mailako ikasleentzat eta beste bat 4., 5. eta 6. mailakoentzat. Material hori guztia Donostiako Eskola Agenda 2030 ekimenaren webgunean egongo da eskuragarri (http://www.ea2030donostia.eus/) eta helburua da orokortasunetik gerturatzea Isuri Gutxiko Eremuetara, hiri ereduen inguruan hausnartuz eta hiri zoriontsu batek dituen beharrizanak identifikatuz: jolasteko tokiak, paseatzeko lekuak, eremu seguruak…
Era berean, Bigarren Hezkuntzako ikasleek ere baliabide sorta ezberdinen bitartez mugikortasuna, osasuna, airearen kalitatea, eguneroko ohiturak eta Isuri Gutxiko Eremua lantzen dituzten edukien gainean aritzeko aukera izango dute, etorkizuneko Donostia bat irudikatzeko eta horren inguruan hausnartzeko, adin maila bakoitzera egokituriko baliabideen bitartez.
Cristina Enea Fundazioko hezkuntza saila izan da unitateok diseinatzeko ardura izan duena eta beren esanetan, «hiri-eredu desberdinak konparatuko dituzte ikasleek, Donostiako argazki zaharrak eta berriak ere alderatuko dituzte, urte hauetan egin diren aldaketak ikusi eta horien gainean hausnartzeko (peatonalizazio guneak ezarri, bidegorria egin Kontxako pasealekuan, autoei lekua mugatu zenbait eremutan, etab.), azkenean ulertzeko Donostian zergatik eta zertarako eratu den Isuri Gutxiko Eremua».
